XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Familia bakarreko nahiz bi familitako baserri gehienek oso antzekoa dute barne-antolamendua.

Beheko oinean daude behi-parea gurdiarekin sartzeko adinako ataria, ukuilua, sukaldea eta logela bat; eta goiko oinean jangela, beste bizpahiru logela, bainu-gela eta belar ondua, sagarrak, gaztainak, babarrunak, artoa eta beste produktu batzuk gordetzeko ganbara.

Baserrietako kanpoko hormak harrizkoak dira, inguruetan egon ohi diren materialen arabera, arbel-harriz edo hareharrizko errekarriz egindakoak, eta buztinez eta harritxoez elkarri itsatsiak.

Batzuetan horma hauek ez dira teilaturaino iristen, hormaren eta teilatuaren artean, teilatuaren hegalera arte, metro bat edo biko hutsunea gelditzen delarik, baina oholez itxita ganbarari dagokion zatian.

Gaur egun gehienek kanpoko hormak zarpeatuak eta karez zurituak dituzte.

Baserri zahar batzuetan, barruko bereizketa-paretak Esie izeneko hurritz-makila ehotuz eginak daude, zarpeatuak eta karez zurituak.

Garai batean bereizketa-paretak, nahiz logeletakoak nahiz ganbaretakoak, oholezkoak izaten ziren, zarpeatuak eta karez zurituak.

Teilatuaren egitura trebetasun handirik gabe landutako zurezkoa izaten da, erdiko zutabe eta habe nagusitarako enbor handiak erabiltzen direlarik.

Teilatua bera, normalean, bi isurikoa eta teilaz estalitakoa izan ohi da.

Ate- eta leiho-markoak, gehienetan, harlanduzkoak edo zurezko langetaz egindakoak izaten dira.

Badira baserriak hiru edo lau isuriko teilatuak dituztenak, eta beste batzuetan, berriz, eraikuntza-lanak ardura handixeagoz egin dira, etxearen lau aldeak harlanduzkoak eta zurezko egiturak landuxeagoak dituztelarik.

Etxearen egitura

I-15.- Zer erlazio dago etxeak duen egituraren eta inguruko zoruaren eta klimaren artean, etxeak duen itxuraren eta etxeko bizilagunek dituzten lanbideen eta premien artean?

Etxe-fatxaden itxura eta beren posizioa teilatuarekiko.

Bai baserriak bai hiriguneko etxebizitzak egokiak dira nahiz herriko zorurako, nahiz eskualdeko klimarako.

Zimenduak ez dira, normalean, oso sakon jartzen, zeren harkaitzik berehala aurkitzen ez den lekuan, lurra gehienetan buztin trinko (...)